San Adriango tuneletik jaisten ziren bidaiariak, ez zuten Agurain, Dulantzi edo Burgeluko herrietatik igarotzeko asmo handirik izaten, eta Gasteizera Posta bide errealetik abiatzen ziren , erromatar galtzada baino azkarragoa baitzen. Bide hau harriztatutako galtzada zen, XV. mendearen amaieran hasi ziren erabiltzen, eremuan guda eta borrokak amaitu ziren garaian. 1765era arte erabili izan zen Posta bide moduan, Arabatik Gipuzkoara pasatzeko bide erreala Arlabanera aldatu zuten arte. Arestian aipatu bezala, San Adriandik jaitsi eta Portuzaharrera heltzean, bidea bitan banatzen da. Posta bidea aurrera jarraitzen du Urbiara igotzeko pistarekin bat egin arte. Handik Galarretarantz jarraitzen zuen Urkiolako gainatik, baina gaur utzita dago eta ez da batere gomendagarria mendian ibiltzeko esperientzia ez daukatenentzat. Jarraituz gero perretano ibaiara helduko ginateke. Galtzada ibaiaren ezkerraldetik jarraitzen du, ibaia beherago gurutzatzeko, Guano-Berokia zubitik hain zuzen ere, baino gaur egun oinez ibiltzeko eremu zaila da. Beraz, Santa Poloniatik hartuko dugu eta Galtzada Marisoro ingurutik jarraitzen zuen lekura arte jarraituko dugu, Berokiako harrizko gurutzetik hurbil pasatuz, eta korrosparriko eremutik Galarretan sartuko gara.
Gaur egun gomendagarriagoa da Done Jakue bidearen lagunen seinalizazioak jarraitzea, Zumarraundira jeitsi, eta handik Aldakiotik Zalduondora heldu baino lehen eskubitara Galarretarantz hartu, bertan galtzadaren arrastoak geratzen dira oraindik.
Galarretan hiru dorretxe egon ziren, eta gaur egun bakarra geratzen da eta erortzeko zorian, Velascorena hain zuzen ere, 1925ean erre zena. Galarretako eliza, XII. mende amaierakoa da eta XVI. mendean bota egin zen, eliza errenazentista bat eraikitzeko. Aintzinako elizatik lehio bat eta portada besterik ez dira geratzen. XVI. mendean Velascotarrek kapera bat eraiki zuten elizaren iparraldeari atxikiturik. Ganga XX. mendeko 50 . hamarkadan erori zen. Elizaren parean Posten etxea dago, XVI. mendean eraikitakoa.
Galtzada Galarretatik hegoalderantz egiten du eta Astarrateko atakatik Luzuriagara heltzen da, bertako eliza Galarretako garai berberekoa da. Mendebalderantz eginez gero, galtzada Luzuriaga errekako zubitik irtetzen da, zubi honek bost arku izan zituen. Galtzada Udalatik igarotzen da, bertan despopulatutako herriska bat zegoen, eta ordubete inguruan Herediara heltzen da, Zadorrako bailarara hain zuzen ere.
Herediak dorretxe eta eliza garrantzitsuak ditu. Eliza San Cristobalen omenez eraiki zen eta gotikoa da, XV. mendekoa, bertan oso margo interesgarriak topa ditzazkegu. Herediatarrak Erdi Aroko eragin handiko jauntxoak ziren , eta ez bakarrik Araban, baita Nafarroan eta Aragoien ere. Galtzada mendebalderantz abiatzen da, errepidearen ondo-ondotik, baina Audikanara heltzean herrirantz egiten du zuzen. Audikanara heldu baino lehen Zadorra ibaia zeharkatzen du zubi berri batetik, zubi zaharra, XVI. mendekoa ez dauka urik azpian, izan ere, XVIII. mendean ibaiaren bidea aldatu zuten errotara ura eraman ahal izateko. San Juan Batailatzailearen eliza, herriaren alde garaienean kokatuta dagoena, XV. mendearen bukaeran eta XVI. aren hasieran eraiki zen, lehenago gotorlekua izan zen. Barruan XV. mendeko erretaula gordetzen du, orain dela gutxi zaharberritutakoa, eta bertan hirutasuna irudikatzen du. Bideari jarraituz, Zaharraka zubia zeharkatuko dugu, 300 metrora Zadorrarekin bat egiten duen Etxabarri ibaia. Zubia pasa eta galtzadak eskubirantz egiten du Zadorraren bideari jarraituz, leku honetan Marantxonako herriska egon zen. Galtzadak Gebara ezkerraldean uzten du; bere gazteluko dorreen eta jauregien arrastoak ikus ditzakegularik.
Garadianen galtzadak gaur eguneko errepidearekin egiten du bat. Handik Mendixurrera heltzen da, RAMSAR eremu moduan izendatutako Parke ornitologiko ondotik. Galtzada urtegiaren ondotik abiatzen da, eta sasoi euritsuetan urez estalita egoten da.
Urramendi gainatik mendebalderantz, Mamiturri edo Sorginen iturriaren ondotik igarotzen da, bertan Errioxatik kostaldera doan bidearekin, GR 38a, gurutzatzen da.
Galtzada Arbuloraino heltzen da. Bertako eliza gotikoa, San Martin de Tours izenekoa, XV eta XVI mendeetan eraiki zen, aurretik zegoen erromaniko baten gainean. Galtzada Arbulotik irtetzen da, San Lorenzo baselizaren ondotik, eta Gasteizerantz abiatzen da Aniako San Martin baselizaren ondotik igaroz.